
Bihar, asteazkena, uztailak 11, 16:00etan, UPV/EHUko Saltillo eskola-ontzia Santurtziko portutik abiatuko da Bretainiarantz, Brest eta Douarnenez-eko jaialdi famatuan parte hartzeko. Jaialdi ikusgarri hau lau urtean behin ospatzen da, eta mundu osoko bi milatik gora itsasontzi klasiko bilduko ditu. Hauxe da Saltillok ekitaldian parte hartzen duen hirugarren aldia.
Saltillo Bretainiara larunbat arratsaldean heltzea aurreikusita dago, eskalarik gabeko itsas ibilaldia bukatutakoan. Itsasontzian Nautika eta Itsas-makineria GETko hamalau ikasle eta Mikel Lejarza kapitaina joango dira. Nabigatze praktikez gain, ikasleek mundu osoko belaontziak eta marineleria ezagutzeko aukera izango dute.
Saltilloren historia
Saltillo garaiko belauntzia 1932an eraiki eta bi urte beranduago erosi zuen Pedro Galíndez enpresari bizkaitarrak. 1946tik 1963ra arte Galindezek errege-familiari utzi zion belaontzia, erabil zezan. 1968an Galíndezek Nautika eta Itsasontzi-makineria Eskolari itsasontziaren emaitza egin zion. Zaharberritu ondoren berriro itsasoratu zen 1998an eta gaur egun UPV/EHUko ontzi-eskola bezala erabiltzen da.
Hasierako eguna 2012/07/10
Amaiera eguna 2012/07/14