UPV/EHUren hasierako orria zabalduko da

Gipuzkoako Campusa
Ekihouse, UPV/EHUko etxebizitza 'berde' eta futurista, prest dago Solar Decathlon Europen lehiatzeko
 

Ekihouse etxebizitza eraginkor eta iraunkor bat ardatz duen proiektu bat da, eta haren diseinu eta eraikuntzan UPV/EHUko hainbat fakultatetako Arkitektura eta Ingeniaritzako berrogeita hamar bat ikaslek hartu dute parte. Gaur egun, eta azken ukituen zain, etxebizitza ia bukatuta dago, uda honetan Gasteizen Eusko Jaurlaritzak duen Eraikuntzaren Kalitate Kontrolerako Laborategiaren instalazioan egituraren muntaia amaitu ondoren.

Ekihouseren muntaia denbora errekor batean egitea lortu da. Horretarako, aurtengo ikasturtea amaitu ondoren, proiektuan parte hartu duten ikasleek buru-belarri lan egin behar izan dute oporretan maratoi-txandak eginez, goiz, arratsalde eta gauez. Azkenik, etxebizitza eraginkor bat eraikitzeko helburua bete da; etxebizitzaren hainbat berrikuntza teknikori esker, energetikoki iraunkorra da, eta hondakinen inpaktu minimo bat eragiten du bizitza erabilgarrian zehar.

UPV/EHUko ikasle talde honen proiektuak, aurtengo urtera arte diseinu-fasean egon dena, eraikitzeko erronkari egin behar izan dio aurtengo uda honetan. Etxebizitzari bizia emateko, lehenik eta behin, lanak egituraren muntaian oinarritu ziren batik bat, eta jada azken asteetan, beste lan batzuk egin ahal izan dira, besteak beste, instalazioen ezarpena, akaberak eta fatxadaren muntaia. Zentzu horretan, proiektuaren komunikazio-arduradun Victor Araujok adierazi du "ikasleak buru-belarri ibili dira lanean udan etxebizitza prest izateko, eta une honetan garraioa eta Madrilen lehiatzeko erabiliko duten estrategia antolatzen ari dira.

Horrela, eta ekihouseren diseinuan eta eraikuntzan bi urtetik gora eman ondoren, etxebizitza euskal unibertsitatearen ordezkaria izango da Madrilen irailaren erdialdean egingo den Solar Decathlon Europe nazioarteko lehiaketan. Hori dela eta, eta bi trailer itzelen laguntzaz, irailaren 3an etxea Madrilera bidean abiatu da.

Solar Decathlon Europe Lehiaketa
Behin proiektuaren alderdirik gogorrena amaitu ondoren, etxea amaituta eta prest dago lehiaketan parte hartzeko; Araujoren hitzetan, "nahiz eta nekatuta egon, ikasleak ilusioz beterik daude azken fasean parte hartzeko, gainerako parte-hartzaileen proposamenak ezagutzeko, eta dekatletekin egun batzuk emateko". Lehiaketa Madrilgo Casa de Campo-n egingo da, irailaren 14tik 30era, eta bereziki baloratuko da etxebizitzak energia-kontsumoan egiten duen murrizpena, baita eguzkiaren bitartez energia sortzeko duen ahalmena ere, konfort estandarrak eta diseinuaren kalitatea gutxitu gabe.
 
Lehiaketa jendearentzat irekia egongo den esparru batean garatuko da, non etxebizitzek hamar proba gainditu beharko dituzten -hortik datorkio "Decathlon" izena-; proba horietatik aterako da, hain zuzen, nazioarteko unibertsitate-lehiaketa honetako bigarren edizioko irabazlea. Lehiaketan hamabost herrialdetako hogei proposamenek hartuko dute parte, horietako hamaika europarrak (Alemania, Danimarka, Espainia, Frantzia, Holanda, Hungaria, Italia, Norvegia, Portugal, Erresuma Batua, Errumania), Txina, Japonia, Brasil eta Egiptotik datozen beste lau proiektuez gainera.

 

Ekihouse proiektua
Ekihouseren proiektua 2009ko irailean sortu zen, Arkitekturako unibertsitate-irakasgai baten zati gisa, eta jada 2010ean, UPV/EHUren proiektua hautatu zuten 2012ko irailean egingo den Decathlon lehiaketan finalista gisa parte hartzeko. UPV/EHUko taldeak aurkeztu duen etxebizitza-proiektua baldintza klimatiko desberdinetara egokitzeko duen ahalmenagatik bereizten da, betiere emaitza iraunkor bat emanez, baina aldi berean, gizakientzat eskuragarria, ergonomikoa eta inteligentea izateko helburuarekin. Erakuntza-material nagusia egurra da, nahiz eta leiho zabal handiak izan hego fatxadan eta eguzki-plakak teilatuan, energia-produkzio ahalik eta handiena lortzeko helburuarekin.

Lehiaketan parte hartu duen UPV/EHUko taldea Arkitekturako eta Ingeniaritzako ikasleek osatu dute batik bat, unibertsitate honetako irakasle eta ikertzaileekin batera.  UPV/EHUz gainera, antolakuntzan ere parte hartu du Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza, Herrilan eta Garraio Sailak, eta eraginkortasunarekin eta eraikuntzaren iraunkortasunarekin konpromisoa hartuta duten berrogeita hamar bat enpresaren lankidetza izan du.

 

Argibideak:

www.ekihouse.org
https://www.facebook.com/ekihouse
https://twitter.com/ekihouse
ekinews04 azken boletina: http://bit.ly/NuAaO9
Press Release#05: http://issuu.com/ekihouse/docs/pr_5_ekihouse/1
ekihouse dossierra: http://issuu.com/ekihouse/docs/ekihouse_dossier_20120719  

 

Harremanetarako:

Proiektuaren Komunikazio arduraduna
Víctor Araujo Corral
E victor.araujo@ehu.es
T 609 92 66 98
www.ekihouse.org

Azken eguneratzea: 2012/07/25