
Azken eguneratzea: 2012/07/04

Nazioarteko Bikaintasun Campusaren esparruan urrats berria egin dute TECNALIAk eta UPV/EHUk -Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatearen bitartez-, eta Berrikuntzaren Ekonomiaren eta Kudeaketaren Ikasgela sortu dute. Ekimen horren helburu nagusia da lankidetzaren bidezko ikerketa sustatzea eta taldeen artean lotura egonkorrak sortzea, ikerketa zientifiko eta teknologiko bikainean aurrera egiteko.
UPV/EHUko errektore Iñaki Goirizelaiak eta TECNALIAko zuzendari nagusi Joseba Jauregizarrek, Unibertsitateko Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko dekano Arturo Rodriguez eta TECNALIAko beste zenbait arduradun ere bertan zirela, jendaurrean aurkeztu dute gaur Ikasgelaren sorrera, eta bi erakundeen arteko lankidetza-hitzarmena sinatu dute.
Hainbat modutan jardungo du Ikasgela honek:
"TECNALIA Ikasgelak"
2001ean abiarazi zituen TECNALIAk ikasgela hauek, funtsean unibertsitateko ikerkuntza-taldeekiko lankidetza sustatzeko tresna moduan.
Abian ipini izanak lokal eta ekipoen azpiegitura iraunkor baten premia dakar berekin (TECNALIAK ipinia da azpiegitura hori), eta ikasgeletako ikasleei trebakuntza-balioa dakarkie.
Hitzarmen honen bitartez hiru ikasgela ditu dagoeneko TECNALIAk: bat Bilboko Ingeniaritzako Goi Eskola Teknikoan, beste bat Deustuko Unibertsitatean eta hirugarren hau Sarrikoko Ekonomia Zientzien Fakultatean. Halaber, Ingeniari Eskolako GAMESA Ikasgelan ere hartzen du parte. Ikasgelen jardueran, oro har, 60 ikasle, 30 irakasle eta TECNALIAko 20 ikertzaile daude lanean, guztira 110 laguneko taldea osatzen dutela.
Jarduteko eredu bakarra ez badago ere, TECNALIA ikasgelek badute zenbait ezaugarri komun. Esate baterako, ikasketa-amaierako proiektuak Ikasgelako jarduera nagusi moduan garatzen dira, eta jarduera osagarri moduan, berriz, mintegiak antolatzen dira, kongresuetako parte-hartzea lantzen da, proiektu-proposamenak sustatzen dira eta doktore-tesiak garatzen.
Etorkizunerako trebatzen
Euskal Herriko Unibertsitateak etengabe jarduten baitu irakaskuntzaren nahiz ikerkuntzaren alorretan bikaintasunaren bila, uneoro planteatzen ditu bere trebetasunak areagotzeko ekimen berriak, barnean zein kanpo-eragileekin batera. Euskampus - Nazioarteko Bikaintasunaren Campusa da horren adibide egokia. Testuinguru horretan, proiektuko eragileetako batekin -TECNALIArekin, hain zuzen- planteatu da ikasgela hau sortzea.
Kanpo-eragileen -hala nola zentro teknologikoak, eta haien bitartez, enpresak berak- zuzeneko arazoei irekita egotea (bai tituludunek behar dituzten jakintza eta trebetasunei dagokienez, bai ikerkuntzako arazoei dagokienez) oso onuragarria zaio Unibertsitateari, zehazki, eta, UPV/EHUko Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateari. Ekimen honi esker, alde batetik, gero eta lehia handiagoko merkatuak jotzen dituen erronkei aurre egiteko moduko tituludunak trebatuko dira eta, bestetik, egiten diren ikerketak gizarte-eragileen beharretatik gertuago egongo dira eta, hartara, gizartearentzat, oro har, onuragarriagoak izango dira.