UPV/EHUren hasierako orria zabalduko da

Gipuzkoako Campusa

Azken eguneratzea: 2012/07/11

Isabel Trespaderne Beracierto irakasleak Derecho y Salud VIII. Saria jaso du
Osasunaren Juristen Elkarteak bere ikerketa-lana aintzatetsi du

Donostiako UPV/EHUko Erizaintzako Unibertsitate Eskolako irakaslea den Isabel Trespadernek Derecho y Salud VIII. Saria jaso du, Osasunaren Juristen Elkarteak emandakoa, lan honegatik: 'La responsabilidad del profesional por defectuosa asistencia sanitaria a la luz de las condiciones organizacionales'. Saria emateko, epaimahaiak, beste alderdi batzuen artean, honako hauek baloratu zituen: kalitate zientifikoa; azalpenaren zehaztasuna eta argitasuna; interes zientifikoa, bai akademikoa bai praktikoa; gaiaren originaltasuna eta gaurkotasuna.

Azterlanak honako hau aztertzen du: antolaketa-dimentsioa osasun-asistentzia akastunaren ondorioz sortutako kontrako gertaeren jatorrian. Lan horri esker, egileak beste ikuspuntu batetik aztertu du osasun-arloko profesionalen erantzukizunaren balorazioa, profesional horiek euren asistentzia-jarduera egiteko dituzten "antolaketa-baldintzetan" oinarrituta.

Isabel Trespadernek azaltzen duenez, bere azterlanean erantzukizun profesionala epaitzeko elementu batzuk aztertu ahal izan ditu osasun-antolaketaren esparruan; elementu horiei esker, esan daiteke osasun-sistemaren efizientziarik eza ezin dela osasun-arloko profesionalen jardun egokiaren menpe jarri. Osasun-erakundeei, kalitatezko osasun-asistentzia segurua bermatzen duten aldetik, arauak eta estandarrak betetzen dituen barne-antolaketa zehatz bat eskatu behar zaie, legez.

Saria jaso duen lana izenburu hau daraman doktorego-tesiaren parte da: '¿Responsabilidad del profesional e irresponsabilidad de la organización sanitaria? La necesaria revisión de la política criminal por defectuosa asistencia en el marco de la nueva organización sanitaria autorregulada'. Tesi hori UPV/EHUko irakaslea den José Luis de la Cuesta irakasleak zuzendu du, Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak emandako Ikerketa Proiektuaren esparruan. Horren ikerketa-taldeko kidea da azterlanaren egilea.

Derecho y Salud Saria urtero deitzen du Osasunaren Juristen Elkarteak, eta 2012an Derecho y Salud aldizkariaren ohiko zenbakietan argitaratu diren (edo argitaratzeko dauden, Argitalpen Kontseiluak horien zabalkundea onetsi eta gero) eta Zuzenbidearekin, Osasungintzarekin eta/edo Osasunarekin lotuta dauden gaiak lantzen dituzten ikerketa-azterlanak saritzea du xede.

Saria orain dela gutxi eman da Salamancan, Zuzenbideari eta Osasunari buruzko XXI. Biltzarrean (biltzarraren goiburua: 'Gestión eficiente del sistema de salud'). Biltzar horren helburua Osasun Sistema Nazionalaren iraunkortasuna bermatzea izan da, erantzukizun partekatu batetik.

Saria jaso ostean, Isabel Trespadernek hau esan du: "Sari hau egin dudan lanaren aintzatespena da, eta lan horretan jarraitzera animatzen nau; saria bide honetan lagundu didatenei eskaini nahi diet: nire familiari, tesi-zuzendariari, Donostiako Erizaintzako Unibertsitate Eskolako kideei eta Kriminologiaren Euskal Institutuko kideei".

UPV/EHUko KOMUNIKAZIO BULEGOAk
editatutako informazioa